Kaptain Kurtz: sormen uhinetako marinela
Aski ezaguna da bere blogari jarduna. Duen sormenaz erraz konturatuko gara bere testuak irakurtze hutsarekin. Baina, nor ezkutatzen da Kaptain Kurtz ezizenaren atzean? Zertan dihardu? Zeintzuk dira bere ibilerak Interneten eta handik haratago? Gaurkoan bere itsasontzira igo eta gerturatzea erabaki dugu, bere ibilerei buruz zerbait gehiago ezagutzeko.
Ezaugarri orokorrak:
- Izen abizenak:
- Ana Malagon Zaldua a.k.a. Kpt. Kurtz
- Adina:
- 28 urte
- URL:
- La Fábrica de las cosas pequeñas (Bloga, gazteleraz)
- Pravda.Txikia (Bloga, euskaraz)
- e-mail:
- amalzal[at]gmail.com
- Lanbidea:
- Sortzailea
- Proiektu azpimarragarriak:
- www.idoiaztarnak.com
- www.estimadolector.net
- www.enfantsterribles.info
- Eta noski, bere blogak.
- Argazki galeria:
- www.flickr.com/photos/kaptkurtz/
Interview
-
L. Lehenik eta behin… Nondik sortu da ‘Kaptain Kurtz’ ezizena?
A. Joseph Conrad-en "Heart of Darkness" liburutik dator. Nobelan Kurtz ez zen militarra, baina Coppolaren "Apocalypse Now" pelikulan, Marlon Brandoren pertsonaia Colonel Kurtz zen. Nik ez dudanez honelako titulurik merezi, Kaptain jarri nion. Berez ‘C’-z idatzi behar litzateke, baina tira, bi ‘K’-ren grafia gustuko nuen. Pixkanaka izen hau galtzen joan naiz. Orain Ana M errealago batekin sinatzen dut. Beldurra galtzeko prozesuan nabil.
-
L. Saldu iezaguzu "La Fábrica de las Cosas Pequeñas"-eko gauza txikiren bat.
A. Gure menu txikia: errealitate txikiak + fikzio txikiak + ironia txikiak + ilusio txikiak + Coca Cola txikia, 6 eurogatik. Sekulako pagotxa.
-
L. Noiz ireki zenuen fabrika hau? Ekoizpen txiki baina kalitatezkoa gustuko duzula argi dago.
A. Beno, hasi, 2003ko uztailan hasi nintzen. Baina gaur egun ezagutzen den fabrikarekin, iazko azaroan. Ekoizpen txikia bai; kalitatezkoa, hori besteek esan beharko dute. Sintesirako ahalegin handia egiten dut. Testu sinpleak. Diseinu sinpleak. Dena garbia. Ez dut konplikaziorik nahi. Bizitza nahiko konplikatua da berez gure sormena ere gauza handi eta konplikatuetan galtzeko. Ez dut pretentsiorik. Pretentsio handiak dituenak erdipurdiko zerbaitetan gelditzeko arrisku handiagoa duela uste dut. Eta nik ez nuke nahi. Hobe da txikitik abiatzea. Inork ez du zugandik ezer esperoko eta erosoagoa da. Libreagoa.
-
L. Bitxikeriarik ere ez zen faltako bertan idatzi dizkizuten iruzkinetan (edo ‘erreklamazioetan’, zure fabrikan diozun bezala).
A. Bitxikeriak… Bartzelonatik tipo bat Donostian azaldu zen igande goiz batez, ni ezagutu nahian. Erreklamatzaileetako bat zen hasiera batean. Gero emailak bidaltzen hasi zen. Eta azkenean, Donostian azaldu. Kontuz ibili behar da, jendeak ez du zergatik jakin behar zugan zer den fikzioa eta zer errealitatea. Horregatik, jasotzen ditudan emailak oso gutxitan erantzuten ditut. Blogean askoz ere pertsona hobea naiz, egunerokotasunean baino.
-
L. Zer aurki daiteke Cadius-ek antolatzen dituen Cocktail-etan?
A. Kaña batzuk edaten dituen lagun talde bat, hasieran webgintzari buruz (diseinua, arkitektura, garapena, aukera berriak, lan merkatua, etab.) hitz egiten, minutu apur batzuen ostean, mundua konpontzen aritzen direnak. Jende jatorra, giro polita eta gauza asko ikasteko aukera. Nik behintzat hala ikusten dut.
-
L. Egunero irakurtzen dituzun blog batzuk aipatuko zenizkiguke?
A. Beno, nire feed-ak nire Alesti-n ikusi daitezke. Gainbegiratu azkar bat egiten dut eta zerbait interesgarriagoa topatzen dudanean, sakonago irakurri.
-
L. Offline publizitatean lan egin ondoren Internetera salto egin zenuen duela hilabete batzuk. Zer moduz moldatzen zara bi mundu hauen arteko jauzia egin ondoren?
A. Desberdintasun nagusiena denborak dira. Kuriosoa iruditzen zait, baina produkzio mailan askoz ere azkarragoa da offline online baino. Eta joeratan eta ikerketa mailan, justu alderantzizkoa gertatzen da.
-
L. Zer duzu gustoko mundu bakoitzetik? Zer ez?
A. Gustoko dut: Offlinen kreatibitate mailan dagoen exijentzia handiagoa da. Edo behintzat, niri hori tokatu zait. Horrek hobetzera behartzen zaitu eta ona da, batzutan neketsua den arren. Onlinetik, gustoko dut etengabe ikasten aritu behar hori. Kasu honetan, baldintzek behartzen zaituzte hobetzera. Gezurra dirudien arren, Internet mugatua da.
Ez dut gustoko: Offlinetik, tentsioa, behin lana inprentan dagoenean ezin atzera jotzea. Mundu kupidagabea da. Gogorra. Internetetik, gauza askotarako dagoen definizio eta heldutasun falta. Ezjakintasuna zure kontra bueltatu daiteke. Bai zurea, bai inguratzen zaituenarena. Askotan ezjakintasuna oso lotsagabea izan daiteke, badakizu. -
L. Beste hainbatek bezala liburu bat idatziko omen zenuke gustura, baita Furilo-ren kamiseta bat erosi ere beste zenbait internautek bezala… Gustuko dituzun horiek 43things-en aurkitu ditugu.
A. Liburu bat idaztearena betiko ametsa izan da. Txikitatik idatzi izan ditut ipuinak. Furiloren kamiseta bat erostea printzipio deklarazio moduan ez dago batere gaizki, miresten dudan blogaria delako eta The Cocktail-en egindako lana ere miresten dudalako. 43things ametsak konpartitu eta betetzeko moduak aurkitzeko modu kuriosoa da, The Robop Co-op enpresak sortutakoa 37signals-ek garatutako Ruby on Rails deituriko framework-a erabiliz. Gogoko ditut beraien proiektuak. Tipo bat euskara ikastera animatu nuen (pazientziarekin har zezala). Beste bat, Europan zehar motxilero ibiltzera. Pentsakera ederra dago proiektu honen atzean.
-
L. Flickr-en ere ikusi zaitugu era guztietako argazkiekin. Gustuko duzu tresna hau?
A. 43Things-ekin bezala, hemen ere partekatzearen kontzeptuak erakartzen nau. Ezagutza partekatu, hori da gaur egungo Internet ulertzeko modua nire ustez. Hala ere, Ludicorpeko produktu hau Yahook erosi izana kezkatzen nau. Baina tira, beste erremediorik ez omen dago mundu honetan. Sosak, sosak dira. Eta guztiok nahi dugu etxe polit eta kotxe eder bat. Enpresa txikiek ideia garatu eta aurrera atera eta enpresa handi batek zerbitzua erosi. Puntocomen porrotaren ostean, hau da Interneteko enpresen etorkizuna antza denez.
-
L. Sariren bat edo beste ere jaso izan duzu. Adibidez, ‘Sarean Kontari’ ipuin lehiaketan 3. suertatu zinen "Termostatoa" ipuinarekin.
A. Santurtziko Udal Euskaltegiak Interneten antolaturiko lehiaketa izan zen. Ipuintxo bat idatzi nuen bost minututan. Absurdo xamarra. Oraindik Google-en topa daitekeela uste dut, irakurtzen denbora galdu nahi duenarentzat.
-
L. Zure esperientziaren arabera, zer behar du Interneten lanean dabilen profesional batek bertan bizirik irauteko? Zer tresna edo irakurgai aholkatuko zenituzke?
A. Beno, literatura klasikoa aholkatuko nioke beti, baina ez lidake kasurik egingo. Beraz, Del.icio.us bezalako tresna bat erabiltzea gomendatzen dut, eta noski, RSS jarioak irakurtzeko beste tresna bat. Digg edo Meneame bezalakoak ere ondo datoz. Baina bidea norberak aurkitu behar du. Ez dut ez ‘guru‘-engan ez bibliatan sinesten.
-
L. Noiz hartuko da Internet hedabide heldutzat? Helduko ote da noizbait?
A. Alde batetik ez nuke nahi hori gertatzea, ikasmina murriztuko dela esan nahi baldin badu behintzat. Baina errespetu pixkat ere falta da beste hedabideen aldetik. Publizitatean adibidez, oraindik anai txikitzat hartzen da. Eta anai txikiak dagoeneko bere altura hartu du…
-
L. Bezeroek Interneti buruz dituzten zenbait uste oker…
A. Komunikazioa flasharen bidez bakarrik lortu daitekeela. Azkeneko urte hauetan, gehien komunikatu duten webguneek ez dute Flash erabili. Askotan piroteknia komunikazioarekin nahasten da eta horrek amorru handia ematen dit. Piroteknia eragiketa estilistiko hutsa da. Komunikazioak funtzio bat betetzen du giza espeziearengan. Garrantzitsuegia azaleko ondorio horiek ateratzeko.
-
L. Zerbait gehitu nahiko zenuke?
A. Enpresei txipa alda zezaten eskatuko nieke. Bai webgintzan dabiltzanei, bai hauen bezeroei. Jadanik ez du edozerk balio Interneten egoteko. Interneten ganorazko presentzia eduki behar da. Sinplea, iraunkorra eta eraginkortasun handikoa. Profesionalek argi izan behar dute gaur egungo eskariak aldatzen direla eta horrek etengabeko ikasketa eskatzen duela. Bezeroek profesionalengan konfiantza izan behar dute, eta ez "informatikaz zerbait dakien nire ilobaren" esku utzi bere webgunearen diseinu eta egituraketa. Erabilgarritasuna, erabilerraztasuna, estandarrak etab. hor daudela eta oso kontutan hartu behar direla jakin behar da. Sentsibilitate arazoa da eta gauzak bere neurrian aintzat hartzea da irtenbideetako bat. Noizbait honen inguruko nire teoria aristotelikoa garatuko dut.
Anari eginiko beste zenbait elkarrizketen loturak eskaintzen dizkizuegu ondoren:
Zirt edo zart!
-
L. ‘Blog’, ‘weblog’, bitakora… zein hitz nahiago duzu?
A. Berdin zait. Nik laburrena erabiltzen dut beti.
-
L. Bizitzeko leku bat. Hiltzeko leku bat.
A. Bizitzeko, Donostiako kaia. Hiltzeko, Donostiko Paseo Berria.
-
L. Hirian ibiltzeko zer nahiago zenuke, bidegorrian irrifartsu pedalei eraginez joan edo ‘Txita’ txirrinda horietako batean dama baten pare joan?
A. Adinaren arabera; oraingoz pedalei eragiten diet, baina aristokrazian sartzen naizenean ez diot Txitari ezetz esango…
-
L. Donostiako portuko kresalaren usaina edo Santa Klara uharteko faroan jotzen duen haizearen xarma.
A. Biek dute bere xarma. Orain portuan bizi naiz, beraz, kresalaren alde joko dut.
-
L. Aukeratu opari bat: Hello Kittie-ren sandwichera bat, edo teklaz egindako poltsa bat?
A. Opariak egiteko oparia jasoko duen pertsonari begiratu behar zaio. Niretzat, poltsa.
-
L. Lur sagar arraultzopil xixkamixkaz osaturiko otartekoa (hots, patata tortila bokata) edo Donostiako pintxo lehiaketako irabazlea?
A. Gose naiz, ezin al ditut biak aukeratu?
-
L. Definizio bat hautatzera beharturik bazeunde: ‘geek’ edo ‘freakie’?
A. ‘Gefreak’.
-
L. Bookcrossing-ean utziko zenukeen liburu bat.
A. “Quieres hacer el favor de callarte, por favor”. Raymond Carver-ena.
-
L. Diska bat. Abesti bat.
A. They Might Be Giants-en "Flood". David Bowieren, "Life on Mars".
-
L. Web 2.0 zure ustez: moda edo iraultza?
A. Bi gauzak aldi berean.
-
L. Gustoko ez duzun Interneteko ‘buzzword’ bat.
A. ‘Viral’.
-
L. Interesgarri irudituko litzaizukeen ‘mashup’ bat…
-
L. Azkenaldian gustoko duzu "tag" bat.
A. ‘Peace’.
Broute™ Mag-etik esker ona adierazi nahi diogu Anari horren interesgarri egin zaigun elkarrizketa honetan erakutsitako guztiagatik eta orokorrean erakutsi ohi duen borondate eta ahaleginagatik. Milesker Ana .
14 comentarios
Saltar al formulario de comentario | Comentarios RSS [?] | TrackBack URI [?]