Goio Arana, esperientzia bide berrien bila

Tags »

Arrasatearra da, diseinatzailea. Aski ezaguna izanik euskal prentsako diseinu lanetan, Goio Arana hainbat sari garrantzitsu jasotakoa dugu, besteak beste, SND (Society of News Design) bezalako elkarteek emandakoak. Bide ezberdinak irekitzeko unean aurkitu dugu Goio, esperientzia anitzak izan eta alor berriak jorratzeko prest. Bere erantzunak interesgarri aurkitu ditugu, ohi bezala.

Ezaugarri orokorrak:

Izen abizenak:
Goio Arana Arrieta
Adina:
44 urte
URL:
Superbai (Bloga)
e-mail:
goioarana[at]gmail.com
Lanbidea:
Diseinatzailea
Proiektu azpimarragarriak:

Bi enpresa hauetan egindakoak:

Interview

  1. L. Nor da Goio Arana?

    G. Arrasaten jaio eta bizi den tipo bat.

  2. L. Diseinu kontuetan non eta nola trebatu zara?

    G. Diseinura, artearen mundutik etorri nintzen. Ikasi, grabatugintza eta estanpazio artistikoa ikasi nuen, baina ikasketak bukatu eta berehala hasi nintzen diseinu grafikoaren munduan.

  3. L. Ba al duzu Euskal Herrian diseinuan aritzen den zure belaunaldiko kiderik?

    G. Bai, jakina, baina egia esateko, Arrasate “zirkuitu” horretatik (ere) nahiko baztertuta geratzen da. Eskerrak Internet dagoen!

  4. L. Mundu mailan erreferentziazko diseinatzailerik edukiko duzu…

    G. Niri, azkenaldian, batez ere prentsa diseinua interesatu izan zait: nire erreferenteak, beraz, prentsa diseinatzaileak dira: Mario García, Roger Black eta horrelako guru-ak…

  5. L. Zein da zure lanen gakoa? Zein ezaugarri berezi eta bakar ditu zure lanak besteekin alderatuta?

    G. Argitasuna. Diseinu argi eta sinpleak gustatzen zaizkit; gainetik politak badira, ederto, baina “polita” izatea ez da garrantzitsuena, ez niretzako behintzat. Gaurko “polita”, akaso, bihar ez da horrela izango; gaur garbia bada, berriz, segurutik, bihar neurri handi batean garbia izaten jarraituko du.

  6. L. Nola bizi izan duzu autoedizioaren garapena?

    G. Hasieratik eta gertu-gertutik bizi izan nuen garai hura. Aluzinantea izan zen, mundu berri baten jabeak ginen 20 megako disko gogorreko ordenagailuekin!

  7. L. Arteman Komunikazioan zuzendari izanik, lanak erantzukizun eta ardura handia eskatuko du, ezta?

    G. Bai, batez ere horrelakoetako zuzendari lanak ez direlako bakarrik diseinuekin lotutako gaiak zuzentzera mugatzen: talde lana, bideragarritasun ekonomikoa, enpresaren hazkundea…

  8. L. Noiz eta nolatan sortu zen enpresa?

    G. Orain lau bat urte sortu zen Arteman. Gure inguruan, diseinu eta komunikazio esparruan hutsune handia antzematen genuen. Bezeroarekiko gertu-gertuko harremana eta euskaraz egindako sorkuntza lanak eskaintzea ziren asmo nagusienak.

  9. L. Arteman-en webgunean enpresaren zuzendaritza utzi duzula irakurri ahal izan dugu. Zein helburu dituzu etorkizun hurbilean?

    G. Hasteko, atsedenalditxo bat hartzea. Geroago, ikusi egin behar. Bidali, beldur barik, lan eskaintzak ;-)

  10. L. Goienkariak zenbait sari jaso izan ditu prentsa diseinuan. Eraginik izan al du zure eta zure lankideen lanean sariak jaso izanak?

    G. Bai, duda barik. Prentsako lankideei medioa baloratzeko eta konfiantza hartzeko balio izan diela uste dut. Enpresari, komunikabideen artean erreferente bilakatzen laguntzeko, eta niri, poztasun handiak jasotzeko. Lanen eskaera aldetik, geroztik, argitalpenen diseinu gehiago eskatu izan dizkigute.

  11. L. Zer baloratu ohi dute gehienbat aurkeztutako lanetatik hauek saritzerakoan?

    G. Akaso, baliabide-emaitza maila.

  12. L. Euskal prentsaren diseinua aztertu izan duzu zenbaitetan zure blogean (adib.: 1, 2). Maila ona al dago orokorrean kanpoko prentsarekin alderatuta?

    G. Denetik dago, baina orokorrean nahiko ondo gabiltzala uste dut, egia esanda, prentsa diseinura ere aspalditxo iritsi zen globalizazioa…

  13. L. Munduko zein egunkari edo aldizkariren diseinu enkargua hartuko zenuke gustura?

    G. Gaur egun, tentagarriagoa iruditzen zait nik egitea baino, miresten ditudan diseinatzaileekin elkarlanean zer edo zer egitearena. Ikasteko egarria dut.

  14. L. Zein egunkari jo ditzakegu eredugarritzat diseinuari dagokionez?

    G. Erresuma Batuko The Guardian-en gaur egungo eta lehengo diseinuak, adibidez.

  15. L. Zein ezberdintasun dago offline eta online prentsa diseinuen artean?

    G. Nik ez dut online diseinurik egin izan; asko jota, lan konkretuetarako proposamenak egin ditut… Maila desberdinean daude. Paperezko prentsa bide berrien bila dabil aspalditxo, baina diseinuaren kultura, beharrak eta betebeharrak garbi daude mundu horretan. Interneten, aldiz, hain medio berria izanik, diseinuaren eztabaida hasi besterik ez da egin. Oraindik, hartzaile gehienei (eta txarragoa dena, egile askori!), irizpideak falta zaizkie. Oraindik ere, itxurakeri eta diseinu huts larregi dago Interneten. Hain “modernoak” diren webgune askori, laster, barre egingo diogu.

  16. L. Euskaldunei begira diseinatu beharrak baldintzatu egin al du zeure lana? Euskaraz pentsatzeak ba al du eraginik diseinu lanean aritzean?

    G. Baldintzatu, ez. Euskalduna izatea abantaila garbia da. Ni euskalduna naiz baina, gazteleraz oso ondo dakit, beraz…

  17. L. Irudi korporatiboa lantzerakoan zeri eskaintzen diozu denbora gehien?

    G. Egindakoak handik denbora batera nola funtzionatuko ote duen aurrikustera… Diseinu korporatiboan, punta-puntan dauden joeretatik distantzia apur bat hartzea gomendagarria izaten da. Horrelakoetan, “epe ertainera” diseinatu behar dela uste dut.

  18. L. Zure blogean irakurri dugu: Diseinugile: egun osoa erabakitxoak hartzen ematen duen laguna. Ia-ia obsesiboa dirudi diseinu lanak, ezta?

    G. Era horrela dela uste dut.Txikikeri mordoaren gainean eztabaidatzen (edo pentsatzen) ematen ditugu orduak!

  19. L. Zer moduzko esperientzia da blogintza Goio Aranaren ikuspegitik?

    G. Ona. Kontu ludiko bat bezala hartzen dut nik Superbai. Konpromisorik barik, obligazio barik…

  20. L. Interneteko zein webgune edo blog irakurri ohi dituzu?

    G. Hemen, diseinuarekin zerikusia duten batzuk:

    Visualmente
    Astun samarrak eta ego handidunak baina, beno…
    Neswdesigner
    Amerikarra, prentsa diseinuen berrikuntzei buruzkoa.
    Maquetadores
    Aurrekoaren antzekoa baina, gazteleraz.
    Processblack
    Kuriosoa eta askotan berriztatzen dena.
    Marketing alternatif
    Publizitate kontu ikusgarriak agertzen dira.
    Letritas
    Tipografien gaineko zehaztasunei buruzkoak baina, modu didaktikoan esanda.

    Eta jakina, zuena!

  21. L. Blogean oso tarteka idazten zenuen orain dela gutxi arte. Azken aldian ia ezer ez, eta orain gutxi berriz bueltatu zara. Zertan ibili zara tarte honetan?

    G. Batez ere, paseoan ibili naiz.

  22. L. Euskal Herrian azken urteetan garatu den diseinu grafikoari begirada bat botako bagenio, zein gauza azpimarratuko zenituzke?

    G.

    Alde txarra:
    oraindik ere, zelako narru sendoa duten agentzia askok. Gazteleratik itzulita eta gainera, askotan, gaizki itzulita aurkezten dituzte lan gehienak. Jendea ez dela horrelakoekin konturatzen uste dute oraindik.
    Alde ona:
    oso jende ona dabilela batez ere grafikoan, ez da lehengo txepelkeria. Imajinatzen dut, ikasketen ofizialtasunak eta Internetak berak asko lagundu dutela hobekuntza honetan.

Goio Aranari egindako beste elkarrizketak:

Zirt edo zart!

  1. L. Zuzendari batek duen lanik zailena.

    G. Taldea bera, pertsonak, kudeatzea.

  2. L. Gogoko duzun eta sarritan erabiltzen duzun tipografia sorta.

    G. Lan bakoitzak tipografia propioa behar duela uste dut; hala ere, eskuratzeko errazak eta gehienetan ondo geratzen diren horietako bi, adibidez, Franklin eta Frutiger familiak dira. Erosteko bada, Font Bureau-ko ia edozein.

  3. L. Gaur egungo euskal tipografia bat sortuko bagenu, zer estilotakoa litzateke?

    G. Sortuta dago aspaldi! Ez zarete harategietako kartelen aurretik inoiz pasatzen, ala?

  4. L. Tipografia euskalduna izanik, ‘free’ litzateke edo ez?

    G. Free bada askoooooz hobeto.

  5. L. Quark edo InDesign.

    G. InDesign gainetik ezagutzen dut, Quark-ekin, berriz, lan asko egin izan dut…

  6. L. EiTB eta GOITB-ren logoak. Plagioa edo kasualitate hutsa?

    G. Kar, kar, kar. Kasualitatea izan zen, hala ere, gurea lehenago irten zen!

  7. L. Logotipo desegoki bat. Logotipo bikain bat.

    G. Zeharo desegokia eta gainera, batera erakargarria ez dena, “klasiko” hau izan daiteke: Arlington Pediatric Center.
    Bikainak, asko eta asko daude… kurioso bat, FedEx-ena izan daiteke, bere gezitxo ezkutu eta guzti…

  8. L. Egunkariak diseinatzen dituen profesional bikain baten izena.

    G. Lagun bat. Javier Errea, diseinatzaile nafarra.

  9. L. Nola azaldu diseinu grafikoa 80 urteko pertsona bati.

    G. Diseinua medikuaren errezetak makinaz idatzita jasotzea da, ordura artekoa artea izan da.

  10. L. Diseinatzaile ez bazina… zer zinateke?

    G. Hori erabakitzen nabil gaur egun…

  11. L. Irakurritako egunkaririk zatarrena.

    G. Mordoa daude, baina zatarrena ez dut gogoratzen. Duela urte batzuk, hirietan egoten ziren doako gehienak ziren oso-oso zatarrak.

  12. L. Jatetxe batera joan zara afaltzera. Bertako kartak duen diseinuari begiratzen dioten horietakoa zara?

    G. Bai. Tristea da, ezta?

  13. L. Onomatopeia bat diseinu desegoki batentzat.

    G. Buah!

  14. L. Gogoratzen duzun kamiseta diseinurik kaskarrena.

    G. Ez; baina, diseinu sinpatiko bat hemen..

  15. L. Ordenagailuetatik gorroto duzuna.

    G. Eramangarriek duten prezioa eta pisua.

  16. L. Gustuko kolore sorta bat.

    G. Gustukoak turkesa edo laranja koloreak ditut, baina, urdin iluna da “inoiz kale egiten ez dizun” horietarikoa.

  17. L. Zure musika zaletasunak ezagutarazi zenizkigun behin. RIP taldearen diskoren bat horien artean legoke?

    G. RIPekoak hori baino gehiago baziren eta badira, lagunak. Dagoeneko “klasiko” batzuk direlako egin genion tratamendu grafiko hori Artemanen egindako DVDan….

  18. L. Amak esan eta sekula ahazten ez zaizun esaldi hura.

    G. Lagunak, baitta infernuen be komeni die, ume.

  19. L. Ardi latxaren ordez, euskaldunak ordezkatuko gintuzkeen ikur ironiko bat.

    G. Zementu zaku bat, hori bai, paper ekologikoan egina.

  20. L. Egindako lehen diseinu lana.

    G. Logo bat. 14 bat urterekin-edo hezkuntza elkarte batek antolatutako lehiaketa publiko baterako egindakoa. Ez zuen irabazi, jakina, eta gainera, urte batzuetara ikusi nuen nik aurkeztutakoaren iguala (baina, ondo eginda) bazegoela asmatuta!

  21. L. Zeure sinadura ‘diseinuzkoa’ al da?

    G. Oso “artistikoa” da, egunetik egunera aldatzen den horietakoa. Grafologo batentzat tesi aukera ederra izan behar du nire sinadurak!

  22. L. Zeure buruaren ilustrazio bat oparituko balizute, zein ilustratzailek egitea nahiko zenuke?

    G. Behin, Mikel Valverde ilustratzaileak marrazkitxo bat oparitu zidan eta oraindik horman jarrita daukat. Bestalde, Artemanen lan asko egin dugu Lorena Martinezekin, oso ona da.

  23. L. Diseinatzaile hasiberri bati eman beharreko lehen aholkua.

    G. Ez bada ondo irakurtzen ez du balio.

Broute™ Mag-etik esker ona adierazi nahi diogu Goio Aranari elkarrizketa luze eta pisuegi hau pazientziaz hartu izanagatik. Interesgarriak diren erantzun hainbatek sakonki pentsarazi digu. Milesker Goio.

Si lo deseas, puedes continuar leyendo:

« En busca de la foto ideal | gr4 en Noventa Grados »

Información: