Kode eta sintaxiaren arteko diseinua

Tags »

Lan ederra eman diegu baina primeran egin diote aurre galdera kopuru izugarriari. Urtea amaitzeko puntuan gauden honetan, CodeSyntax-eko Maite Rementeria eta Zaloa Etxaniz ekarri ditugu geurera beraien lanaren gorabeherak eta iritziak konta diezaizkiguten. Ziur kontatzeko dutenak interesa piztuko duela zuengan. Ea ba zer dioten gure galderen inguruan. On egin!

Fitxa

Izen abizenak:
Maite Rementeria eta Zaloa Etxaniz
URL:
www.codesyntax.com
Bloga:
www.eibar.org/blogak/maite/ (Maite Rementeriaren bloga)
Argazki galeria:
www.flickr.com/photos/zetxaniz/ (Zaloaren Flickr-eko kontua)
Telefonoa:
943 821 780
Helbidea:
Azitaingo Industrialdea 3K E-20600 Eibar (Gipuzkoa)
Lanbidea / Zerbitzuak:
Web diseinatzaileak.

Interview

  1. L. Nor dira Maite eta Zaloa?

    Z. CodeSyntax-en lanean dagoen web diseinatzailea naiz. Ama ere banaiz eta Suarekin (alaba) egotea, diseinua, elurretara joatea eta argazkilaritza dira nire zaletasunetako batzuk.
    M. Web diseinatzaile elgoibartarra. Titulazioz kazetaria, baina tokian tokiko prentsan trebatu nintzen diseinu munduan. Amak informatika ikastera animatu ninduenean, ez nuela egun osoa pantaila baten aurrean pasa nahi erantzun nion; baina begira zer buelta ematen dituen bizitzak… izugarri gustatzen zait nire lana.

  2. L. Noiz hasi zineten webgintzan lanean?

    Z. 1999an hasi nintzen. Madrilera joan nintzen Coverlink enpresarentzat lan egitera.
    M. CodeSyntax sortu zenean, 2001ean.

  3. L. Zuen lehen webgunea gogoratzen al duzue?

    Z. Nola ez. Navegalia izan zen lehen proiektua. Airtelek atera zuen mega proiektu hartan nire benetako formazioa hasteko zortea izan nuen.
    M. Lehen lehena Bagera.net> izan zela uste dut. Uf! Zelako buruko minak “table” gora eta “table” behera. Diseinuaz gain HTML-a ere editatu izan dugu diseinatzaileok CodeSyntax-en, eta Dreamweaver erabiltzea debekatuta zegoen. Eskuz sartu behar izaten nuen kodigoa “code” garbi baten mesedetan.

  4. L. Diseinu lanaren eragina nabari al du gizarteak? Edo ikusezina den lan eraginkor bat da diseinatzaileona?

    Z. Nire ustetan dena da diseinua. Diseinu on eta txarrez inguraturik eta baldintzaturik gaude. Diseinuak hainbat ardatzi erantzuten die. Ardatz estetikoa denok nabari dugu baina badago parte ikusezin handi bat. Edo beharbada ikusezina baino, inkostzienteki eragiten diguna. Etxeko besaulki eroso kuttunak diseinu on bati erantzuten dio adibidez.
    M. Gu erabilgarritasuna eta irisgarritasuna oso kontutan hartzen saiatzen gara eta erabaki mordoa hartzen ditugu erabiltzailearen mesedetan. Hala ere, ez nuke esango diseinatzaileon lana ikusezina denik. Kontrakoa. Erabiltzaileari ez bazaio diseinu bat begietatik sartzen alper-alperrik da azpian kristoren informazio interesgarria eta irisgarri mordoa badakar ere.

  5. L. Web proiektuak ez al dira gehiegi luzatzen denboran? Prozesu luzeak, anitzak eta etengabeko gainbegiratzea eskatzen dutenak dira askotan, ezta?

    Z. Hala da. Badira behin eta berriz aldaketak nahi dituzten bezeroak. Askotan hasieratik zure aholkuei kasurik ez egiteagatik datoz geroko ‘partxeoak’… Baina diseinatzaileei ez zaie programatzaileei besteko kasu egiten. Denok dakigu diseinatzen eta… badakizu.
    M. Hala ere guk egiten ditugun webguneak bezeroak editatu ahal izateko pentsatuta daudenez, hasierako erditzea izaten da zailena eta gero editoreek egin behar izaten dute bidea. Batzutan diseinuaren kaltetan da, baina independentzia hori ezinbestekoa dela pentsatzen dut.

  6. L. Nola definituko zenukete zuen lan egiteko era? Zerk du bere biziko garrantzia eguneroko diseinu lanean?

    Z. KISS, Keep It Simple Stupid da CodeSyntax-eko leloa. Fisikoki ere bulegoan daukagu.
    M. Kiss, kiss, kiss. Askotan diseinatzen hasi eta behin eta berriz errepikatu behar izaten diogu hori geure buruari atzera egin eta sinplifikatzeko. Webgune batek zenbat eta ñabardura, pertsonalizazio eta ‘featured’ gehiago eduki, eguneraketa zailagoa eta mantenu garestiagoa edukiko du, baina askotan oso zaila egiten zaigu sinpletasuna mantentzea.

  7. L. Zer duzue gustukoen zuen lanetik? Zein lan mota dituzue atseginago?

    Z. Zerbait berri eta berezia lortu nahian diseinatzen duzu proiektu bakoitza. Kreatibitatearekin borroka horretan zaudela gustuko emaitza batera heltzen zarenean duzun sentsazioa gustatzen zait. Lan atseginak edozelakoak izan daitezke. Webgunearen edukiek, irudi korporatiboak, txantiloi (plantilla) bati erantzun beharrak eta beste zenbait faktorek proiektuaren aukeraketa eta honekin jasotako gozamena baldintzatzen dituzte.
    M. Ados, baina onartu beharra daukat estilo orriak editatzeak ere baduela bere xarma. Programazioak duen magia hori: kodigoa idatzi, gorde eta … funtzionatzen du!

  8. L. Erreferentziazko zein diseinatzaile grafiko dituzue gogoko?

    Z. Aitzina Double You bezalako enpresetan eginiko lan kreatiboak txunditzen ninduen. Gaur egun irisgarritasun eta erabilerreztasuna mundu honetan murgildurik ez daukat diseinu gururik osotasun batean. Zatika bai baina globalki…¿? ez.
    M. Hasieran Zeldman zen nire erreferentzia. Gero Mini-D-ren lanak ere asko gustatzen zitzaizkidan. Eta hurbilean Process Black oso oso gogoko dut.

  9. L. Azkenaldian, aipatzeko moduko web diseinu proiektu borobilik ikusi ahal izan duzue?

    Z. Zaila da. Borobila…? Azken egunotan El País-ek egin duen diseinu aldaketa, adibidez, oso ona izan dela uste dut.
    M. Lan konkretu bat baino ‘bloga’ bera aipatuko nuke nik. Hain da erraza gaur egun webgune duin bat egitea blogei esker! Diseinu onena ere, edukirik gabe ez da ezer ere, eta blogak edukiaren iraultza ekarri du.

  10. L. Zaila al da diseinua eta kodea uztartzea webgintzan?

    Z. Hasieran bai. Medio guztiek bezala bere mugak eta baldintzak errespetatzeak askotan zapuzten zaitu. Gerora, batera pentsatzen duzu. Hau da, diseinuan pentsatzen hasi eta ideia garatzen jarraitu aurretik bere html aplikazioan zaude pentsatzen… eta helburu nagusi batzuk buruan dituzula diseinatzen duzu.
    M. Zaloak beste lan esperientzia batzuk izan ditu CodeSyntax-era etorri aurretik, baita ikasketa espezializatuak ere; baina nik hasieratik uztartu behar izan ditut biak. Eta diseinu baten zirriborroa egiten dudanean kodea kontutan hartzen ikasi dut. Lehen HTML-a editatzen, eta orain estilo orriekin.

  11. L. Diseinatzaile baten begietatik mundua ezberdin ikusten al da, edo lan mota honek ez du eraginik?

    Z. Bai. Lan guztiek dute bere deformazio profesionala, ezta? Niri diseinua gustatzen zait. Diseinua bere osotasunean. Diseinu grafikoa, industriala, packaging-a… eta horretan interesa jartzen dut. Dena den, lehen esan dudan bezala diseinuz inguraturik bizi gara eta denok daukagu mundua ikusteko prisma pertsonala.
    M. Ez dakit zer esan, gaur egun estetika eta diseinuari mundu guztiak ematen dio garrantzi handia. Egia da guk gure profesional begiekin begiratzen dugula baina diseinua oso gizarteratua dago gaur egun.

  12. L. Gaur egun web diseinatzaile batek prestakuntza zabala behar du: irisgarritasuna, erabilerreztasuna, W3C-ren estandarrak, bilatzailetako posizionamendua, programazio apur bat…

    Z. Egia da. Eta gainera gure medioa internet da, eta internet eta bere inguruko software eta hardwareak abiadura handian ari dira garatzen. Gure formazioa ez da inoiz amaituko.
    M. Hori da gure lanaren xarma eta orbana hain zuzen.

  13. L. Zer da egokiago, ezagupen anitzeko profesional bat edo arlo batean bereiztutako espezialista? Enpresa bakoitzaren egituraren araberakoa al da?

    Z. Puf! Enpresak eskainitako produktuaren arabera erantzun desberdina dudala esango nuke. Argi dago, denetik pixka bat jakiteak talde lana asko hobetzen duela. Web proiektuak talde lanak dira. Edukiak, diseinua, maketazioa, programazioa… bada arlo guztietan guru izan daitekeen inor? Aurreko erantzuna kontuan izanik nik ezetz esango nuke.
    M. CodeSyntax-en ezagupen anitzeko profesionalen aldeko apustua egin dugu. Ikasteten aldetik ere informatikari gutxi dago gurean: ingeniariak, biologoak, kazetariak, soziologoak… Gero bakoitza arlo batean janzten da, baina nik uste aberatsagoa dela denak denetik pixka bat jakitea.

  14. L. Nola imajinatzen duzue zuen lana hamar urte barru? Zeintzuk izango dira diseinatzaile lanaren nondik norakoak?

    Z. Ideiarik ez. Duela 5 urte Dreamweaver erabiltzen nuen lanerako, hemendik 10 urtera…¿? Galdetu Rappel-i!
    M. Nik uste dut banda zabala zabaltzearekin bat aldaketa handiak etorriko direla. Telebistari tokia egiten hasi beharko gera webgintzan.

  15. L. Interneteko ‘guru’-etan sinesten duzue?

    Z. Bai. Arloka badago gururik. Zeldman eta horrelakoei jarraipen bat egitea komeni da.
    M. Beno, zer esaten duten jakin egin behar da baina ez gara inoren fanatiko, ezta gutxiago ere.

  16. L. Zer berezitasun du CodeSyntax-en diseinatzaile izateak?

    Z. Diseinuaz gain Internet berari buruz asko ikasten duzula egunero. Primerako lekua da hau lan egiteko. Kategoriako lankide eta nagusiak! Diseinuari dagokionez zorrotza izan behar zara irisgarritasun eta erabilerrastasunarekin, eta honek dinamika mugatu bat jarraitzera eramaten zaitu. Proiektu asko txantiloi (plantilla) zehatz batzuetara egokitu behar dira eta horrek muga oso estuak planteatzen dizkigu diseinatzaileoi baina beno… Egoera hain mugatuan diseinu berezi bat sortzea benetako erronka da.
    M. Beno, beno, beno… gorrituko dira batzuk! Egia da lan giro oso ona daukagula eta hori beharrezkoa da lanera gustura etortzeko.

  17. L. CodeSyntax-en Interneten adituak diren profesional ugari biltzen dira. Zer ikasi duzue haiengandik?

    Z. Hainbeste… Nondik hasi? Hemen ikasi dut funtsean momentu honetan interneti buruz daukadan ideia. Blogen inguruko guztia. Irisgarritasun eta erabilgarritasunaren premia… Estilo orriekin web orrialdeak sortzen…
    M. Nik Interneti buruz dakidan guztia hemen ikasi dut. Eta funtsean gauza bat: gauzak zenbat eta sinpleagoak eta erabilerrazagoak egin orduan eta hobeto funtzionatzen dute. Gero gure lana da horiek erakargarri egitea.

  18. L. Harremanik mantentzen duzue arloko beste euskal diseinatzaileren batekin?

    Z. Gutxi. Lankide oiekin.
    M. Hasi ginen Cadius-ek Donostian antolatzen dituen bileretara joaten baina urruti xamar geratzen zaigu. :-(

  19. L. Ez al du askotan diseinu grafikoak pisu gehiegi web diseinuan, eta alderantziz beste zenbaitetan?

    Z. Diseinua estetika bakarrik ez dela kontuan izanik, bere pisuak handia behar du izan.
    M. Argi dago diseinuak berebiziko garrantzia duela. Webgune bat ez baduzu erakargarria egiten erabiltzaileak ez du nabigatzen hasteko gogorik izango.

  20. L. Zein blog jarraitu ohi dituzue?

    Z. Asko. Blog asko jarraitzen ditut Bloglines bitartez. Diseinua, maketazio lanerako tresna eta errekurtsoak, tipografiak, Flicker-eko kontaktuak, baita blog pertsonalak ere.
    M. Nahi baino gutxiago. Denbora asko eramaten dit bloglinesen dudan zerrenda luzea husteak eta beti ezin izaten dut irakurri.

  21. L. Zaloa Etxanizek, berriz, Flickr-eko galeria bat du. Zer bilatzen du Zaloaren objektiboak?

    Z. Atentzioa ematen didan mundua harrapatzen saiatzen da. Argazkien bitartez inguruan dudana era artistiko batean erretratatuta uzteko aukera ematen dit!

  22. L. Zuen lanari esker emandako zein sari jasoko zenukete gustura?

    Z. Inoiz ez dut sari batean pentsatu. Honetan lanean aritu ahal izatea nahiko sari da!
    M. Ni ere ez nago sari baten esperoan. Norberak egindakoarekin gustura egotea eta bezeroaren beharrak asetzea nahikoa sari dira. Ez dago horrek ematen duen bezalako satisfaziorik!

  23. L. Zer eskatzen diozue zeuen etorkizun profesionalari?

    Z. Proiektu borobilak kaleratzea! Harro egotea eginiko lanaz.
    M. Batzutan CodeSyntax-en gauzak nahiko ondo egiten ditugunaren sentsazioa edukitzen dut eta hori handia da! Baina gauzak hobetzeko ilusioa ez dut inoiz galtzerik nahi. Hori da eguneroko nire erronka.

  24. L. Amaitzeko, zerbait gehiago gehitu nahi zenukete?

    Z. nahikoa galderatxo!;)
    M. Ummmm!… Olentzerori mikrouhin labe bat eskatu diodala?

Zirt edo zart!

  1. L. Inoiz onartuko ez zenuketen diseinu lan bat.

    Z. Ez dakit. Pedofilo batena… ¿?
    M. CodeSyntax-en ikasi ditudan gauza guztien kontra diseinatzera behartuko ninduen bat.

  2. L. Gustura jasoko zenuketen enkargu bat.

    Z. Umeen inguruko produktu edo edukidun bat. Koloreak, ilustrazioak, umeak gogorarazten dizkiguten tipografiak… erabiltzeko aukera emango lukeen proiektu bat adibidez.
    M. Agenda bakarrarena, edozein sarrera bertan erosteko aukerarekin: kontzertu guztiak, zinea… utopia ezta?

  3. L. Web diseinuaren paradoxa bat.

    Z. Jendearentzat politak diren logoak gehienetan ez dira zuzenak diseinu oinarriak betetzen eta alderantziz.

  4. L. 80 urteko agure bati Internet zer den adierazteko esaldi bat.

    Z. Ordenadorean ikusten den telebista moduko bat da! Badakit txarto dagoela azalduta baina hori esaten diot nik amamari :(
    M. Esaiozu 80 urte dituen nire aitari agure bat dela! Horrela adieraziko nioke: Kable bidez konektatuta eta ordenagailuari esker, hizkuntza guztietan lor dezakegun mundu osoko informazio mordoa.

  5. L. Pixela al da web diseinuaren unitaterik txikiena?

    Z. Diot nik. Tranpa dauka galdera honek?
    M. Estilo orriak etorri zirenean protagonismo osoa galdu zuen pixelak baina etxeko txikiena izaten jarraitzen du, edo?

  6. L. Google deuseztatzeko plan anker bat.

    Z. Zergatik deuseztatu? Beno, arrazoi bat behar bada duten logoa eta honen aplikazioak! Ez zaizkit batere gustatzen.
    M. Nik ez dut Google deuseztatzerik nahi!

  7. L. Olentzerori eskatuko diozuen opari ‘geek’ bat.

    Z. Nik eskatzearren MacBook bat eskatuko nioke baina ez naiz hain ondo portatu eta… :(
    M. Mikrouhin labe bat ez da geek-a ezta? Izorratu berria daukat; baina tira, pantaila zabal zabala duten ordenagailu eramangarri txuri arin zoragarri horietako bat ekartzen badit pozik geratuko naiz.

  8. L. Erositako azken diskoa.

    Z. Pearl Jam.
    M. Diskoa, Ruperren “Memoriaren mapan” eta liburua, oparitzeko bat: Isadora Duncanen biografia. Sarritan oparitzen dut liburu hau.

  9. L. Eibarko asmakaririk ezagunena.

    Z. Sakakortxua ¿?.
    M. “El casco” grapagailua.

  10. L. Zergatik daude horrenbeste eibartar internauta?

    Z. Ez dakit. Eibartarrak beti gaude edonon. Oporretan be eibartarrak topatuko dituzu munduaren beste puntan!
    M. Internauta mordo bat daude herri guztietan baina hemen “Eibartarren zerrenda” sortu eta mantentzen asmatu dute.

  11. L. Euskal Herriko txoko bat Tagzanian.

    Z. Saturrarango haitzak.
    M. Lizoain.

  12. L. Eta honen ildotik… Ba al da Tagzania“>Tagzania ez den euskal ‘mashup’-ik?

    Z. Bilbao.bi adibidez.
    M. Nazioartekorik ez dut uste.

  13. L. Web 2.0-ko aplikaziorik gogokoena.

    Z. Flickr, Bloglines
    M. Bloga, dudarik gabe.

  14. L. Gustuko duzuen euskal labeldun produktu bat.

    Z. Idi txuletak!
    M. Skunkfunk-ek badauka? Janariak denak gustatzen zaizkit, salbuespenik gabe.

  15. L. Estralurtarrentzako mezu bat euskaldunen partetik.

    Z. Etorri uztailaren 7an sanferminetara!
    M. “Ven y cuéntalo?”

  16. L. Ikusi gabe utzi ezin duzuen telesail bat.

    Z. House.

  17. L. Ligatzerakoan, boteprontoa ala atxikia?

    Z. Boteprontoa.
    M. Nik danean boteprontoa.

  18. L. Txikitan egindako ezkutuko bekatu hura.

    Z. Puff! Ahizpari egindako sorginkeria asko!
    M. Eta amak irakurtzen badu?

  19. L. Hiri bat. Herri bat.

    Z. Donostia. Ondarroa.
    M. Bartzelona bisitatzeko eta Elgoibar bizitzeko.

  20. L. Denboran zehar bidai bat: iraganera ala etorkizunera?

    Z. Iraganera.
    M. Etorkizunera, dudarik gabe, baina beti pentsatu izan dut bikingoen garaian kristoren estimazioa edukiko zuen emakumea naizela.

Gure esker ona Maite eta Zaloari galdera sorta luze honi erantzuteagatik. Espero dugu aurrerago ere hitz egiteko parada eduki ahal izatea, izan ere, euskaraz web diseinuaren inguruan aritu ahal izatea ez da aukera makala eta. Gustuko izan dugu irakurketa eta erantzun interesgarriak makina bat badira. Milesker bikote.

Si lo deseas, puedes continuar leyendo:

« I Concurso Internacional de diseño de Txapas “Oarsoaldetxap” | Camisetas 4ª promoción de Telecomunicaciones »

Información: