Norberaren identitatearen beldurraren aurka, imitazioa

  • Berak ez du bera izan nahi, ez du den bezala azaldu nahi.
  • Ez da munduko ederrena, baina apur bat zainduta eder ager liteke.
  • Beste eder baten islada bat izan nahi du.
  • Ez dago bere bere izaerarekin harro.
  • Harro egongo da edertzat dugun horren pareko bada.
  • Pareko gutxienez, eta haratago bada hobe.
  • Bera ordea bakarra da. Ordezkaezina.
  • Badu izaera bat, beste inork ez duena.
  • Beraz, munduan ez da bera bezalakorik.
  • Bera bezalakorik ez bada, zergatik izan beste norbaiten pareko?
  • Besteengandik ezberdintzeko bere identitatea ez al du baliabiderik hoberena?
  • Orduan, zergatik aldendu norberaren izaeratik?

Identitate kontuez ari naiz oraingoan. Zenbat aldiz entzun behar izan dugu “Nire proiektuak honen antzeko diseinua behar du.” edo “Honek bezala nahi dut nik ere”. Alderatutakoaren baloreak eta honek lortutako arrakasta lortu nahi ditu nolabait hau eskatzen digunak. Baina zeren truke? Norberaren identitatea makilatu eta desitxuratu arte?.

Agian beste enpresa horri ondo joan zaio baliabide horiekin, baina horrek gure produktuarentzat egokiak izan daitezkeenik ez du esan nahi.

Adibide bat

Sentitzen dut, baina zenbait kasutan ezin ditut baliabide berberak erabili telefonia mugikorren webgune batean edo labeldun babarruna saltzen den batean. Ezin ditut babarrunak hegaka jarri abiadura bizian argio dizdira bereziekin Flash baten bidez, dardara efektuekin, kutsu teknologiko batekin, etorkizunetik datorren Kaliako andereinoaren antzeko neska batek “Welcome to basque beans’ site!” dioen bitartean. Benetan honen beharra dago? Flash animazio hori beharrezkoa zen helbururen bat lortzeko? Teknologia kutsu horrek zer onura du? Eta babarruna hegalariak? Agian animazio horren gidoia lekuz kanpo dago, ezta?.

Berdin gerta daiteke nabigazio mota bat hutatzerako orduan, informazioa egituratzeko orduan, kolore sorta desegoki bat erabiltzerakoan, tipografia estilo desegoki bat ezartzerakoan, etab. Eta dena imitazioaren menpe ibiltzeagatik.

Merkatu ikerketatik imitaziora

Merkatu ikerketa bat egitea beharrezkoa suertatzen da. Aurkariak eskainitako zerbitzuetatik interesgarrienak kontutan hartu eta erabilitako baliabideen onurak aztertzeko egin ohi da. Ondo da. Panorama ikusi ostean, aurkariek eskainitakoa bezain ona eskaini dezakegu, edo are eta hobeagoa oraindik, baina beti ere hauek egin ahal izan dituzten akatsak ere aztertuaz.

Zer gertatzen da askotan? Zehazki azken hau egin beharrean, zuzenean aurkariek egindakoa hontzat hartzen dela aztertu ere egin gabe. Era horretan, honelako esaldiak entzun genitzake: “Beste hauek horrela egin badute zeozergatik izango da. Jarri atal haiek duten bezala eta nabigazioa beste hauek bezala”.

Mundua ‘aldrebes’

Agian arreta erakartzeko amu bezala erabili nahiko dira aurrez aipaturik hauek nolabaiteko kuriositatea piztuaz, baina non demontre dago babarrunaren benetako identitatea?. Babarrunaren munduko imaginarioan egon daitezkeen topikoak non dira? Zer balore gehitu dizkiogu produktu horri helburu zenbait lortu nahiean? Kaliako andereinoa Tolosako Café Frontón-en inoiz egon al da babarrun platerkada bat janez? Odolkia eta Ibarrako piperren zantzurik bai lan honetan?.

Norberaren identitatearen parte diren elementuak erabiltzea onuragarria da, bestela honen irudia distortsionatu besterik ez dugu egingo. Honek ez du esan nahi sormen prozesuan mugak jarri behar direnik, baizik eta hauek zentzuz erabiltzea dela kontua.

Si lo deseas, puedes continuar leyendo:

« Valoraciones supérfluas sobre el diseño | Antisemántica: diseñar al estilo ‘Lorem Ipsum’ »

Información: